GIHak eta maila anitzeko gobernantza ezartzea: euskal esperientzia

Europako Batzordearen Ikerketarako Zentro Bateratuak (JRC) Andoni Hidalgoren “SDG localisation and multi-level governance: lessons from the Basque Country” txostena argitaratu berri du.

Lan horrek Euskadin 2030 Agenda ezartzeko garatu diren zenbait ekintza eta ekimen deskribatzen ditu, eta hori jarduera aitzindaria da txostenak “GIH ekosistema” gisa definitzen duena ezartzeko prozesuan. Esperientzia horretatik, txostenak eskualde-mailako beste agintaritza batzuentzat baliagarriak diren gomendioak ateratzen ditu.

 

Euskaditik bultzatutako ekimenen artean, Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Estrategia eta Plataforma daude, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatua eta Elika Fundazioak dinamizatua.

Borondatezko tokiko berrikuspenak

Azken urteotan, borondatezko tokiko berrikuspenak (VLR, ingelesezko siglengatik) areagotu egin dira, eta tresna baliagarri bihurtu dira eskualdeko eta tokiko erakundeentzat, 2030 Agenda eta haren Garapen Iraunkorrek Helburuak (GIH) ezartzeko.

 

Ekintza horiek GIHen lokalizazioa sustatzen duen mugimendu oso dinamiko eta globalaren adierazpena dira, toki-administrazioek Agenda Globalaren ezarpenean berebiziko garrantzia dutela aitortzetik abiatuta. 2030 Agenda Nazio Batuek diseinatu duten eta nagusiki estatuen mailan administratu den arren, bere potentziala zabaltzeko beharrezkoa izango da behetik gora ere ezartzea, alderdi interesdun eta administrazio-maila ugari tartean sartuz eta oinarrizko komunitateekin konprometituz.

 

VLRak politiken formulazioa hobetzeko tresna izateaz gain, aukera paregabea dira hiri eta eskualdeen arteko diplomazia eta lankidetza sustatzeko. Eskualdeetako erakundeak aintzat hartzen dituzten hainbat plataformek gogo biziz onartu dituzte VLRak, eta horrek agerian jartzen du GIHak eta VLRak lokalizatzea erabilgarria dela eskualdeetako erakundeek foro global batean eserlekua hartzeko tradizionalki izan duten nahia asebetetzeko.

 

Euskadiren kasuak (GIHak lokalizatzeko estrategia koherente bat hartu zuen munduko lehen eskualde-erakundeetako bat izan zen) ondo islatzen du VLRen erabilera bikoitz hori: politikak hobeto formulatzeko tresna eta kanpo-ekintzarako tresna. Oso adibide argia da GIHak eta haien arkitektura erabiltzeko egiten den maila anitzeko ahalegina ikusarazteko, administrazioaren barruan eta helize laukoitza osatzen duten aldeen artean sektore arteko aliantzak hobetze aldera.

.

Txostena aurkezteko jardunaldia

Gainera, txostena online jardunaldi batean aurkeztuko da, ekainaren 16an, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) Europan lokalizatzeari buruzko beste bi metodologia-txostenekin batera. Tailerraren helburu nagusietako bat da arrakala metodologiko gehigarriak eta aurrera egiteko moduak identifikatzea.