Elikagaien xahuketa murrizteko kanpaina Euskadiko merkataritza, ostalaritza eta jatetxeen sektoreetan eta etxeetan – Janaria ez da botatzen 2023

Testuingurua

Euskadiko nekazaritzako elikagaien sistemako elikagaien xahuketa aztertzen zuen eta 2022ko uztailean argitaratu zen azterlanetik ateratako ondorio nagusietako bat da xahuketa-bolumen handiena elikakateko azken fasean gertatzen zela, hau da, etxeetan, merkataritzan eta ostalaritza eta jatetxeen sektorean (% 57, % 26 eta % 12, hurrenez hurren).

2021 eta 2022. urteen artean, esklusiboki gizarteari zuzendutako kontzientziazio-kanpainak egin ziren. Aipatutako azterlanaren emaitzetan oinarrituta, orain aurkezten den kanpaina hau bi mailatan planteatzen da: merkataritza eta ostalaritza eta jatetxeen sektoretako profesionalei, eta, bestetik, EAEko herritarrei.

 

Kanpaina

Aurtengo azaroaren 21etik abenduaren 10era bitartean, eta Eguberriak hurbil egonik, elikagaien xahuketaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina abian jarriko dugu berriro, “Janaria ez da botatzen” lemarekin, EAEko herritarrentzat. Gainera, aldi berean, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak egingo dira elikagaiak banatzen eta lantzen dituzten sektoreetarako.

Kanpaina hori Basque Green Deal – Euskadiko Itun Berdea ekimenaren barruan dago; egitasmo hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jarri zuen abian.

 

Elikagaien banaketako eta ostalaritzako sektoreetako profesionalentzat

Euskadiko txikizkako saltegietako eta ostalaritzako sektoreetako profesionalen elkarte nagusiekin lankidetzan, webgune hau hedatuko da: www.janariaezdabotatzen.eus. Webgunea Elika Fundazioak sortu du zehazki bi sektoretako profesionalentzat.

Webgune horretan, elikaduraren arloko profesionalek Ostalaritza eta jatetxeetan elikagaien xahuketa murrizteko gida eta Txikizkarien artean elikagaien xahuketa murrizteko gida eskuratu ahal izango dute. Kanpaina honetan aurkezten diren jardunbide egokien bi gida berri horiek Orekak eta Elika Fundazioak lankidetzan egin dituzte.

Aipatutako webgunean profesionalentzako informazioa jasoko da, elikagaien xahuketak sortzen duen arazo soziala, ekonomikoa eta ingurune-arazoa ulertzen laguntzeko. Halaber, jardueretan aplikatu daitezken tresnak aurkituko dituzte, beren negozioetan xahutzen den elikagai-kopurua murrizteko.

Sukaldaritzaren kasuan, bideo hezigarri laburren sorta azpimarratu nahi dugu. Bideoak Tolosako AMA jatetxeko Javier Riverorekin, Kanpezuko Arrea jatetxeko Edorta Lamorekin eta Bilboko Puente Colgante jatetxeko Zuriñe García sukaldariekin lankidetzan egin dira.

Bideoetan elikagaien xahuketa prebenitzeko ekintzak gomendatuko dira, besteak beste sukaldea ondo antolatuz edo soberakinak berrerabiltzeko errezeten bidez.

Merkataritzaren eta elikagaien banaketaren sektoreari dagokionez, Elika Fundazioak sustatutako proiektu pilotuetan (Bilbaodendak eta Berpiztu Aiaralde) parte hartu duten zenbait profesionalen testigantzaren berri emango duten bideo batzuk prestatu dira; bideo horietan, elikagaien xahuketaren arloan izandako esperientziak jaso dira. Besteak beste, honako hauek ikusiko ditugu: Bilboko Bizkarra okindegi eta gozotegia (Eduardo Bizkarra), Luiaondoko Malato supermerkatua (Jessica Lopez) edo Eroskiko Jasangarritasun-arloko arduraduna (Cristina Rodriguez).

 

Gizartea

Hiru astez sare sozialetan eta hiru euskal hiriburuetako markesina eta hiri-altzarietan mezuak eta gomendioak zabalduko dira. Aurtengo edizioan kanpainan parte hartzen duten sektoreetako profesionalen laguntza jaso dugu. Halaber, www.zerodespilfarro.elika.eus webgunean erosketa‑ohiturekin eta etxetik kanpo kontsumitzen diren elikagaiekin lotutako aholkuak argitaratuko dira herritarrentzat.

 

Egizu bat kanpainarekin!

Plataformako kide guztiak kanpaina berriarekin bat egitera bultzatu nahi ditugu. Janariaezdabotatzen.eus webgunean aurkituko dituzuen materialak erabiltzera eta sare sozialen bitartez kanpaina zabaltzera animatzen zaituztegu.

You don't have permission to register