Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko II. Eguna

Gaur, irailak 29, Nazio Batuen Batzar Nagusiak bigarren aldiz sustatzen duen Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko II. eguna da.

Elikagaien xahuketa nazioarteko erakundeen eta Europako gobernuen agendan sartutako erronketako bat da, gizartean, ingurumenean eta ekonomian duten eragina dela eta. NBEk, Garapen Iraunkorreko Helburuen barruan (12.3 helburua), 2030erako proposatu du “erdira murriztea txikizkako salmentaren eta kontsumitzailearen mailei dagozkien biztanle bakoitzeko elikagaien alferrik galtzea, eta ekoizpen- eta hornidura-kateetan zehar elikagaien galera murriztea”.

 

Eusko Jaurlaritzak bat egin du helburuarekin, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren bidez eta elika Fundazioak koordinatuta, Elikagaien Xahuketaren aurkako jarduketa-plan bat jarri du abian, erronka bikoitz honi erantzuteko: txikizkako salmentan eta kontsumitzaileengan biztanle bakoitzeko alferrik galtzen den kopurua erdira murriztea, eta elikagaien galera txikizkako salmentan eta kontsumitzaileon banaketan modu berean murriztea.

 

Ekoizpen jasangarria eta elikagaien segurtasunaren eta nutrizioaren sustapena inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur egun. Alde horretatik, egun hau ospatzeak gai horri buruz ahalik eta kontzientziaziorik handiena sortzeko beharra azpimarratzeko balio behar du, bai eta ekoizten diren elikagaiak behar bezala baloratzearen garrantzia azpimarratzeko ere.

 

Elikagai-soberakinak emateko jardunbide egokiei buruzko tailerra: elikagaien xahuketa murrizten duen irtenbide solidarioa

Elika Fundazioak eta Elikagaien xahuketaren aurkako Euskadiko plataforma egun hau aprobetxatu nahi dugu azaroaren lehen astean Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den EHUko Udako Ikastaroen barruan tailer bat antolatu dela jakinarazteko.

 

Tailerrean, Euskadin elikagaien soberakinak dohaintzan emateko orientazio-gida errepasatuko da, eta elikadura-soberakinak modu egokian emateko zer higiene- eta osasun-betekizun bete behar diren adieraziko da.

Jornada_BP Donacion_eu gnrl

Gainera, elikagai-soberakinak birbanatzeko bi kasu praktiko aurkeztuko dira, bat ekoizpen primariotik eta bestea kolektibitateentzako otorduak prestatzeko establezimenduetatik.

 

Laster informazio gehiago emango dugu programari eta tailerrerako izen-emateari buruz.

Europako informazio-webgune berria

#DiaPDAren bigarren edizioa dela eta, Europako Batzordeak EBko Elikagaien Galera eta Desperdizioa Prebenitzeko Zentroa (The EU Food Loss and Waste Prevention Hub) abiarazi du, EBn elikagaien xahuketari buruzko informazioa lortzeko “leiho bakarra”. “The Hub” webgune bat da, non elikagaien galerei eta alferrik galtzeari aurre egiteko neurriak erakusten diren, eta jardunbide egokiak partekatzen diren, estatu kideen ekintzei buruzko informazio garrantzitsua, hala nola politikak eta lege-garapenak, eta arlo horretako azken garapenak azaltzen diren.

 

Plataforma horren helburu nagusia ezagutzen eta esperientzien trukea sustatzea da, bai eta elikagaien galerei eta alferrik galtzeari aurre egiteko egindako ekimenak zabaltzen laguntzea ere, EBn eta harantzago ekintza berriak sustatu eta bultzatzeko.

Hainbat ekitaldi

FAOk munduko ekitaldi birtual bat antolatu du Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Nazioarteko bigarren Kontzientziazio Eguna ospatzeko.

 

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko (FAO) eta Ingurumenerako Nazio Batuen Programako (PNUMA) buruek arazoei buruzko ikuspegiak eta arazoari aurre egiteko beharrezko neurriak partekatuko dituzte.

 

Europako Batzordeko eta Italiako ordezkariek ere beren iritziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte gai horiei buruz eta elikagaien galeraren eta xahuketaren aurkako borrokan izandako aurrerapenei buruz.

 

Mahai-inguru bat egingo da, eta, bertan, handitu daitezkeen berrikuntzak aztertuko dira, mundu osoan elikagaien galera eta xahuketa murrizteko erritmoa bizkortzen laguntzeko, ekoizpen hobea, nutrizio hobea, ingurumen hobea eta bizitza hobea lortzeko.

Bestalde, AECOCek (elikagaien fabrikatzaileen eta banatzaileen Espainiako elkartea) bere 9. Topagunea ospatuko du Madrilen Elikagaien Xahuketaren aurka. Ekitaldi honek nekazaritzako elikagaien kateko 300 profesional baino gehiago biltzen ditu, ahaleginak batu eta elikagaiak alferrik galtzearen aurka borrokatzeko.