Elikagaien galerak nafarroako lehen sektorean

Deierriko Udalak Nafarroako lehen sektorean –zehazki, Nafarroako Erriberako baratze-sektorean– gertatzen diren elikagaien galeren inguruko txosten bat argitaratu du.

Txostena “Buruxka” proiektu pilotuaren parte da, eta buruxkatzea berreskura dadila proposatzen du, Estellerria ardatz izango duen gizarte- eta ingurumen-balio gisa. Hala, Espigoladors ekimenaren eredua Nafarroara transferitu nahi da.

 

Gainera, proiektu honen bidez, landako galerek gizartean eta ingurumenean duten eragina murrizten lagundu nahi da, bai eta lehen sektorearen garrantzia eta elikagaien balioa ikusarazi ere, eta aldaketa-eragileak prestatu, elikagaien xahuketari buruz sentsibilizatzeko.

 

Deierriko Udalak, NUPek eta INTIAk sustatzen dute proiektu hau, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Planaren esparruan, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (“Europak landa-eremuetan inbertitzen du”) eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen dute.

Ondorio nagusiak

Ikerketaren ondorioen artean honako hauek daude:

  • Landako elikagaien galeren pertzepzioari dagokionez, nekazariek gehiago hautematen dute arazo gisa nekazaritza-erakundeek baino. Gainera, ez da galera horien garrantzia hautematen; izan ere, onartu egiten da ekoizpenaren zati bat –hainbat arrazoirengatik– landan geratuko dela, eta ez da aintzat hartzen horrek galera ekarriko duenik, animaliak elikatzeko eta/edo ongarri gisa erabiltzeko balioko baitu.
  • Hainbat arrazoirengatik galtzen dira elikagaiak landan, eta, kasu askotan, arrazoi horiek elkarri lotuta daude. Elikagaien galeren arrazoi nagusiak dira, lehentasun-ordenaren arabera, arrazoi ekonomikoak edo merkatukoak (errentagarritasunik eza, merkatuaren gorabeherak, etab.), arrazoi estetikoak (tamaina, itxura, etab.), gainprodukzioa eta, neurri txikiagoan, arrazoi teknikoak (makineria, etab.).
  • Behaketaren bidez eskuratutako datuek (ia hiru tona produktu bildu dira irailetik abendura bitartean eta pandemia betean egindako bederatzi buruxkatzeetan) pentsarazten dute kopuru esanguratsuak direla.

Gomendioak

Buruxkak txosten hau egitean kontsultatutako pertsona eta erakundeen ustez, landare-ekoizpen primarioan elikagaien galera murrizteko egungo testuinguruan eragin handiena izango luketen eta errazago aplikatuko liratekeen gomendioak, lehentasun-ordenaren arabera, honako hauek izango lirateke:

  1. Soberakinak merkaturatzeko eta produktu “itsusientzako” bestelako aukerak bilatzea, merkaturatze-zirkuitu laburrak indartuz.
  2. Ekoizpena planifikatzea eta hobetzea (monolaboreak saihestuz; ekoizpena, ahal den neurrian, merkatuaren eskariaren arabera egokituz; etab.).
  3. Sentsibilizazio-kanpainak egitea produktu inperfektu edo itsusiei balioa emateko.
  4. Landako galeren ezagutzan sakontzea, erakundeen arteko sinergiak ezarriz eta informazioa partekatzeko web-atari edo aplikazio informatiko bat garatuz.
  5. Prebenitu edo eman ezin izan diren elikagaien eraldaketa bultzatzea, gizarte-ekonomiako erakundeen bidez.
  6. Teknologia berriak erabiliz, landako galerak dohaintzan emateko bide iraunkorrak ezartzeko borondatezko akordioak egitea.
  7. Zerga-pizgarriak eskaintzea, saihestu ezin izan diren galerak dohaintzan ematen laguntzeko.
  8. Teknologia berrien ikerketa, diseinua eta garapena sustatzea, landako galerak minimizatzeko.
  9. Elikagaien galeran eragina duten eskualde-mailako araudiak eta erregulazioak berrikustea.
You don't have permission to register