Baserrietako elikagai-galeren murrizketari buruzko txostena

Nekazaritza Berrikuntzarako Europako Elkartearen (EIP-AGRI, ingelesezko siglengatik) lantalde batek baserriko elikagai-galeraren murrizketaren inguruan egiten du lan, eta galera horiek minimiza ditzaketen baserriko jardunbide eta teknologia nagusiak identifikatu ditu.

Gai horiek aztertzea gizarte-erronka garrantzitsua da, eta NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) funtsezko oinarria da. Mendebaldeko gizarteetan, elikakatean zehar gertatzen diren galera/xahuketa gehienak nekazaritza-ustiapenaren ondoren gertatzen dira, baina ez zaie arreta handiegirik ematen baserrian –nekazaritza-ustiapenaren aurretik– gertatzen diren galerei.

 

Hainbat azterketetako datuen arabera, elikakateko lehen mailan gertatzen den elikagai-xahuketa guztizko ekoizpenaren % 10etik gorakoa izan daiteke, eta, lantaldearen arabera, galera horiek hainbat arrazoirengatik sortzen dira: nekazaritza-lan ez-eraginkorrak, ekoizpen-kontratuak betetzeko zailtasunak eta galera horiei buruzko ezagutza-falta (eta, ondorioz, txosten desegokiak –kategorizazioa–).

 

Lantaldearen iritziz, galera horiei buruzko informazioa falta da; izan ere, ez da erraza horiek neurtzea eta batzuk “galera birtualak” dira, lan ez-eraginkorren ondorioz lortutako etekin txikiagatik sortuak. Ondorioz, EIP-AGRIko adituek uste dute beharrezkoa dela baserrietako “elikagai-galerak” zer diren argi definitzea, eta galera horiek etengabe neurtzeko eta kontrolatzeko sistemak diseinatzea eta ezartzea.

 

Bestetik, uste dute dagoeneko hasi dela “nekazaritza digitalaren” aro berria, eta horrek aukera berriak eskaintzen dituela helburu hauek betetzeko:

  • Galeren irismena kuantifikatzea.
  • Baserriko lanen eraginkortasuna hobetzea.
  • Lanak eta horien betetze-maila zehaztasunez kontrolatzea.

 

Lantaldeak uste du ez dagoela konponbide bakar bat baserriko galeren arazoari erantzuteko. Konponbideak alde askokoak eta konplexuak dira, eta hauek guztiak hartu behar dira kontuan: teknologia, ekonomia, soziologia, portaeraren zientziak eta beste batzuk.

 

Nolanahi ere, adituen talde horrek uste du beharrezkoa dela nekazaritza-jardunbide oso eraginkorrak ezartzea eta hornidura-kontratu egokiak egitea nekazarien eta sektore txikizkarien/prozesatze-sektoreen artean, produktuen galera minimizatzeko egituratuak.

 

Lantaldearen txostenak adierazten duenez, gaizki egindako kontratuen ondorioz, nekazariak behartuta egon daitezke jateko moduan dauden produktuak alde batera uztera, esate baterako kontratuetan ezarritako kalitate-estandarrak betetzen ez dituztelako (estandar “kosmetikoak”). Sektore txikizkariak kontsumitzaileen eskaerari erantzuten ari badira ere (merkatuaren indarrak), kontratu horiek berraztertzeko argudioa oso indartsua da, elikagaien galeran duten eragina ikusita.

You don't have permission to register