Onartu da elikagaien xahuketaren aurkako Kataluniako legea
Katalunian Elikagaiak Galtzea eta Xahutzea Prebenitzeko Legea onartu du Kataluniako Parlamentuko Osoko Bilkurak.
Lege horrek hainbat betebehar ezartzen dizkie elikakateko eragile guztiei, baita dagokion zehapen-araubidea ere. Besteak beste, honako betebehar hauek izango dituzte elikakateko enpresek, gizarte-ekimenezko erakundeek eta elikagaiak banatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarteek:
- Elikagaiak galtzea eta xahutzea prebenitzeko plan bat izatea
- Urtero zenbatestea eta jakinaraztea galdutako eta xahututako elikagaien kopurua
- Lehentasunen hierarkia aplikatzea soberakinen helmugari dagokionez:
- Lehen helmuga giza elikadura izango da.
- Hori ez bada posible, soberakinak animaliak elikatzeko erabiliko dira.
- Bigarren hori ere ez bada posible, konpostatzera edo bestelako erabilera teknikoetara bideratuko dira.
Bezeroak etxera eramango du bukatu ez duen janaria
Testuan sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreko enpresen betebeharrak ere ezartzen dira. Honako hauek dira nabarmentzekoak:
- Kontsumitzaileari jan ez dituen elikagaiak etxera eramatea erraztea, inolako kostu gehigarririk gabe, eta aukera horren berri establezimenduan bertan ematea, modu argian eta ondo ikus daitekeen toki batean, ahal dela, kartan edo menuan.
- Elikagaiak gordetzeko aproposak diren ontziak erabiltzea, zeinak berrerabilgarriak, konpostagarriak edo erraz birziklagarriak izango diren, eta kontsumitzaileak bere ontzi propioak eramatea onartzea.
Xahuketa administrazio publikoetan
Araubide berriak betebehar hauek inposatzen dizkie Administrazio Publikoari eta sektore publikoko gainerako erakundeei:
- Elikagaiak galtzea eta xahutzea prebenitzeko klausulak gehitzea elikagaien kudeaketarekin erlazionatutako zerbitzuak kudeatzeko kontratu publikoetan eta hitzarmenetan.
- Galdutako eta xahututako elikagaien datuak jaso eta analizatzea, eta plan estrategiko bat egitea elikagaiak galtzea eta xahutzea prebenitzeko.
0 Iruzkinak