Laburpena: Euskadiko elikagaien xahuketari buruzko II. Jardunaldia

Azken hamarkadan, oro har, areagotu egin dira elikagaiak xahutzearen gaineko eztabaida eta kontzientziazioa, eta horrek premiazko arazo bihurtu du gai hori (eta bertan jardun beharra dago, elikagaiak hondakin gisa tratatzeak ingurumenean, ekonomian eta gizartean duen inpaktua handia baita).

 

Ondorioz, funtsezkoa da balio-kateko eragile guztion zeregina eta gizartearen sentsibilizazioa, produkzio- eta kontsumo-ereduetan egiturazko aldaketak sortu ahal izateko, eta, hala, bai eskaria bai eskaintza ahalik eta inpaktu txikiena duten produktu eta zerbitzuetarantz bideratzeko.

 

Euskadiko elikagaiak xahutzeari buruzko II. jardunaldia: Elkarrekin elikagaiak xahutzearen aurka izeneko jardunaldiak, Bilboko Euskalduna Jauregian egin denak, euskal elikakateko 120 profesional eta aditu baino gehiago biltzea lortu du (ekoizleetatik hasi eta kontsumitzaileen elkarteetara), xahutzearen aurkako borrokan aurreratutako guztiaren balantzea egiteko eta etorkizuneko erronkak aztertzeko.

 

Elikagaiak xahutzearen prebentzioan eta murrizketan parte hartzen duten erakundeek gauzatutako estrategiak eta laster Estatuko lege berria indarrean sartzea izan dira eztabaidaren muina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak (ELIKA Fundazioaren bitartez) antolatutako eta Elikagaiak Xahutzearen aurkako Euskal Estrategiak koordinatzen duen jardunaldi horretan.

 

Jardunaldi hori Eusko Jaurlaritzak 2018an abian jarritako eta ELIKA Fundazioa buru duen Elikagaiak Xahutzearen aurkako Euskal Estrategiaren barruan dago kokatuta, eta bat dator Basque Green Deal eta Basque Country 2030 Agendarekin.

 

Gai-multzoak

 

Jardunaldian, elikakateko eragileek eta administrazio publikoek xahutzea prebenitzeko egindako ekintza nagusien berri eman da; eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatu da (bai legegintzakoei buruz, bai kontsumo-joeren ingurukoei buruz).

 

Arantza Madariaga, Elika Fundazioko zuzendariak jardunaldiaren inaugurazioan nabarmendu duenez, “Euskadiko elikagaien industriak badaki elikagaien soberakinak prebenitu, murriztu, berrerabili eta balio berria ematea lortzeko erronka elikakateko eragile guztien lankidetzaren, parte-hartzearen eta inplikazioaren bidez bakarrik lor daitekeela, eta horretan aurrera egiten ari da”. Lehen gai-multzoak, Europako Batzordeko Elikadura Sistemetako aholkulari den Giulia Bizzoren eskutik, Ekonomia Zirkularrari eta elikagaiak xahutzeari buruzko Europako ildo politiko berriak zein izango diren azaldu du.

 

Jarraian, Helena de Miguelek (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko ordezkariak) Elikagaiak galtzea eta xahutzea prebenitzeko Estatuko Legearen proposamenaren artikuluak azaldu ditu. Ondoren, eztabaida hasi da. Lehen mahai-ingurua egin dute. Bertan, Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendariak, Alba Graells Kataluniako Generalitateko ordezkariak, Gasteizko Udaleko María Fernandezek eta Helena de Miguel Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko ordezkariak hartu dute parte; eta moderatzailea Antton Alza estrategiaren Elikako koordinatzailea izan da. Mahai-inguru horretan, Arantza Madariagak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Xahutzearen aurkako Euskal Estrategia abian jarri zenetik lortutako aurrerapenak azaltzeko aukera izan du.

 

Bigarren gai-multzoari dagokionez, mahai-inguruan elikakateko operadoreen ordezkariek parte hartu dute, eta elikadura-sistemak elikagaiak xahutzea murrizteko dituen gaitasunei buruz eta lege berria indarrean sartzearekin izango diren etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatu da. Bertan, honako hauek hartu dute parte: Susana Riverak, Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatibetakoak; Ana Carrascok, Udapa eta Paturpatekoak; Hector Lousak, UVESCO-BM taldekoak; eta Amaia Agirrek, Ausolan fundaziokoak. Mahai-inguruko moderatzailea Jon Ander Egaña, BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendaria, izan da.

 

Hirugarren gai-multzoan, ekonomia zirkularraren ereduak eskaintzen duen ikuspegi ekintzailetik abiatuta sortu diren enpresa berri batzuk izan dira. Zehazki, elikagaien eraldaketatik sortzen diren elikagai koproduktuen eta zatikien aprobetxamenduan oinarritutako negozio berriei buruz hitz egin da, bai eta elikagaien soberakinak birbanatu eta ematearen ondoriozko soluzio berritzaileei buruz ere. AZTI BRTAko Jaime Zufiak moderatutako mahai-inguru horretan, Biodestilerias Zanbranako Iñaki Isasik, Coometaseko Enrique de Miguelek, Orekako Denis Ugaldek eta In Jarseko Erika Donázarrek hartu dute parte.

 

Azken mahai-ingurua gizarte-proiektuekin lotura handiena duten elkarte eta erakundeen eskutik egindakoa izan da, eta, bertan, egoera ahulenean dauden eta elikagaiak eskuratzeko arazoak dituzten herritarrei zuzendutako zenbait ekimen azaldu dira. Gainera, ahalduntzeko eta, oro har, gizartea inplikatzeko beharraz eztabaidatu da, elikagaiak xahutzeak dakarren arazo global horri erantzuteko. Enrraiza Derechos-eko Mari Cruz Martín moderatzaile zela, Egoitz Bikandik (Bilboko Atxuri Eskolako guraso-elkartearen izenean), San Nikolas Zabalik-eko Xabi Elustondok, Espigoladors-eko Raquel Diazek eta María Gonzalezek (#LeySinDesperdicio kolektiboaren izenean) parte hartu dute.

 

Aintzatespenak euskal entitate eta erakundeei

 

Jardunaldiaren amaieran, aintzatespen publikoa eman zaie hainbat euskal enpresari, hiru kategoriatan. Aintzatespen horren bidez, euskal enpresek eta erakundeek Euskadin elikagaiak xahutzearen aurkako borrokaren alde egindako lana eta jarduera garrantzitsuenak ikusarazi nahi dira, beste batzuetarako erreferente izan daitezen.

 

Hiru kategorietan aintzatetsitako euskal enpresak honako hauek dira:

  • Aintzatespena nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa bati, elikagaiak xahutzearen aurka egindako lanagatik – 2024: DELIKATETXE KOOPERATIBA
  • Aintzatespena startup bati, elikagaiak xahutzea saihesteko irtenbide berritzaile bat planteatzeagatik – 2024: OREKA
  • Aintzatespena gizarte-ekimeneko erakunde bati, elikagaien soberakinak kudeatzeko ekintzak egin eta egoera ahulean dauden herritarrei laguntzen laguntzeagatik – 2024: AUNAR ELKARTEA

 

You don't have permission to register