Elikagaien galerari eta xahutzeari buruzko EB Plataformako informazio-fitxa berriak
Europako Plataformak beste lau informazio-fitxa argitaratu ditu webgunean; fitxa horien helburua da Europar Batasunean honako gai hauei buruz dagoen informazioa eskuragarri jartzea: elikagaien dohaintza, kontsumitzaileentzako informazioa, elikagaien erabilera-datak eta elikagaien dohaintzaren arloko zerga-irizpideak.
EBko elikagaien dohaintzari buruzko informazio orokorra
2017ko urriaren 16an, Europako Batzordeak bere egin zituen Europar Batasunak elikagaien dohaintzari buruz ateratako gidalerroak, elikagai seguru eta jangarriak berreskuratu eta horien beharra duten pertsonen artean banatzeari buruzkoak.
Elikagaien segurtasunari eta higieneari buruzko arauak
EBk konpromisoa hartu du bere herritarrei kalitate handiko elikagai seguru, nutritibo eta merkeak emateko. Kontsumitzaile guztiak modu berean egon behar dira babestuta, elikagaien segurtasunaren arloko arau berberekin, izan elikagaiak zuzenean kontsumitzaileei saltzen zaizkienean, izan onuradunen artean banatzen direnean.
Informazioa eta elikagaiak banatzea
Ezinbestekoa da kontsumitzaileek elikagaiei buruzko informazio argia, osoa eta fidagarria eskuratu ahal izatea, informazioan oinarritutako erabaki seguruak hartu ahal izan ditzaten. Elikagaien soberakinak banatzen direnean, azken onuradunek beharrezko informazio hori bera eskuratu ahal izango dute; hau da, elikagaiak dendan saltzen direnean ematen den informazio bera.
Elikagaien dohaintzari buruzko finantza-arauak
Balio erantsiaren gaineko zergak (BEZa) inplikazioak izan ditzake dohaintzak egiten dituzten pertsonen elikagaien soberakinak elikagai-banku eta bestelako ongintza-erakundeetara transferitzeko. BEZari buruzko arauak eta beste zerga-tresna batzuk baliagarriak izan daitezke elikagaien dohaintza sustatzeko pizgarri ekonomikoak eskaintze aldera; hala, elikagaien soberakinak banatuko dira eta elikagaiak xahutzea ekidingo da.