Elikagaien galerari eta xahuketari buruzko estatuko Legea onetsi dute

Atzo, 2025eko maiatzaren 20a, Diputatuen Kongresuak elikagaien galera eta xahuketa murriztea helburu duen Legea onetsi zuen. Murrizketa hori lortzeko, “ekonomia zirkularra sustatu behar da” eta ekoizpen-, eraldaketa- eta banaketa-eragileak, ostalaritza, jatetxeak, kontsumitzaileak eta, oro har, herritarrak sentsibilizatu eta informatu behar dira.

Besteak beste, kuantitatiboki, arauak 2030erako txikizkako salmentaren eta kontsumoaren arloan biztanleko elikagai-hondakinak ehuneko 50 murriztu nahi ditu, eta ekoizpen- eta hornidura-kateko elikagaien galerak ehuneko 20.

Era berean, onetsitako araudiaren arabera, honako hauek dira elikakateko eragileen “jardunbide egokiak”: “azpiegitura egokiak izatea” elikagaien galerak eta xahuketa murrizten laguntzeko, kontsumo lehenetsiaren data edo iraungitze-data duten produktuen salmenta bultzatzeko, eta sasoiko eta hurbileko produktuen kontsumoa sustatzeko. Halaber, jardunbide egokitzat jotzen dira menuak hobeto planifikatzeari buruzko dibulgazioa, erosketa jasangarria, birbaliatzeko sukaldaritza, iraungitze-data eta kontsumo lehenetsiaren data egoki interpretatzea, eta birziklapena.

Senatura igorri ostean, Kongresuak Goi Ganberak onetsitako zuzenketei buruzko iritzia eman du, eta, hala, izapidetzen amaitu da. Ondoren, testua Estatuko Buletin Ofizialera igorri da, argitara dezaten eta indarrean sar dadin.

You don't have permission to register