Elikagaiak xahutzearen aurkako Legea onartzeko azken pausoak

2022ko ekainaren 07an Ministroen Kontseiluak Elikagaien Galerak eta Xahutzea Prebenitzeko Legearen proiektua onetsi zuen. Lege hori kontsumitu gabe geratu eta zakarrontzian amaitzen duten elikagaien xahutzea murrizteko eta horiek hobeto aprobetxatzeko sortu da. Parlamentuak behin betiko onartu ondoren, 2023ko urtarrilaren 2an jarriko da indarrean.

Lege hori Espainian egiten den lehenengoa da gai horri buruz; hala ere, Europako beste herrialde batzuetan badaude antzeko legeak, hala nola Frantzian edo Italian.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak igorritako prentsa-oharraren arabera, zioen azalpenean justifikatu egiten da arau bat ezartzeko beharra, azken urteetan arazo hori gelditzeko egin diren aurrerapen urrien aurrean. Arauak behin betikotasunez 19 artikulu ditu, sei kapitulutan banatuta (hiru azken xedapen eta xedapen gehigarri bat); horrela, jardunbide egokien eredu bat ezarri nahi da elikagaien xahutzea ekiditeko. Horretarako, jarduketak egingo dira elikakate osoan, uzta-prozesutik bertatik hasi eta etxeetako eta jatetxe-arloko kontsumo-ohituretaraino.

Berrikuntza nagusi gisa, 2021eko urrian aurkeztutako lehen zirriborroarekin alderatuta, VI. kapitulua nabarmentzen da, bertan behin betiko ezartzen baita zehapen-araubidea.

  • I. Kapitulua: Xedapen orokorrak
  • II. Kapitulua: Elikadura-kateko agenteen betebeharrak
  • III. Kapitulua: Elikadura-kateko eragileen jardunbide egokien neurriak
  • IV. Kapitulua: Kontsumo lehenetsiaren datak arrazionalizatzea
  • V. Kapitulua: Elikagaien galera eta galeren murrizketa eta prebentzioa sustatzeko eta kontrolatzeko tresnak
  • VI. Kapitulua: Zehapen-araubidea

Erabilera-lehentasunen hierarkia

Legeak ezartzen du elikakateko eragile guztiek izan behar dutela ez xahutzeko prebentzio-plan bat, eta derrigorrean bete behar den lehentasun-hierarkia zehazten du (5. artikulua). Lehenengo lehentasuna giza elikadurarako erabiltzea da, irabazi-asmorik gabeko enpresei edo elikagai-bankuei egindako dohaintzen bidez.

Elikagaiak emateko, elikadura-industriek, merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduek eta jatetxeek hitzarmenak sinatu beharko dituzte erakunde hartzaileekin. Hitzarmen horietan berariaz jaso beharko dira, besteak beste, elikagaiak biltzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta aukeratzeko baldintzak. Emandako elikagaiek bizitza erabilgarri nahikoa izan beharko dute azken hartzaileei banatzeko eta seguru erabiltzeko.

Dohaintza-hitzarmenak sinatzeko betebeharra ez da nahitaezkoa izango 1.300 m2 edo gutxiagoko erakusketa eta salmentarako azalera erabilgarria duten establezimenduetan egiten diren elikagaien banaketa-jardueretarako.

Elikagai-soberakinak emateari dagokionez, nabarmendu behar da Euskadik dagoeneko badaukala ELIKAGAIEN SOBERAKINAK DOHAINTZAN EMATEKO ORIENTAZIO-GIDA bat, zeina elikagaien xahutzearen aurkako Eusko Jaurlaritzaren jarduera-planaren esparruan egin den.

Nekazaritzako elikagaien kateko eragileen beste betebehar batzuk

Gainera, elikakatean diharduten eragileek zenbait betebehar izango dituzte, besteak beste:

  • Instalazio egokiak izatea eta langileei prestakuntza ematea, manipulazio-, biltegiratze- eta garraio-prozesuak baldintza egokietan egiteko, eta, horrela, galerak murrizteko. Horretaz aparte, hotz-katea mantentzen dela bermatzen duten sistemak eduki beharko dituzte.
  • Kontsumo lehenetsiaren data gainditu duten produktuak argi eta garbi aurkeztu beharko zaizkio kontsumitzaileari, beste produktuetatik bereizita eta prezio txikiagoan, edo dohaintzara bideratu beharko dira.
  • Ostalaritzako establezimenduek eta beste elikadura-zerbitzu batzuek bezeroei aukera eman beharko diete kontsumitu ez dutena eramateko, inolako kostu gehigarririk gabe. Gainera, modu ikusgarrian eman beharko dute horren berri, ahal bada kartan edo menuan.
  • Zenbait erakundek, hala nola osasun- eta hezkuntza-zentroek edo jantoki-zerbitzua edo cateringa eskaintzen duten egoitzek, beren edo beste batzuen baliabideekin, elikagaien galerak eta xahutzea prebenitzeko eta murrizteko programak izan beharko dituzte, eta programa horiek ere legean ezarritako lehentasun-hierarkia bete beharko dute.
  • Elikakateko agente guztiek urtero eman beharko dute elikagai-galeren eta prebentzio-planak betetzearen berri.
  • Arauak aurreikusten du elikagaiak banatzen dituzten enpresek, administrazioekin batera, kontsumo lehenetsiaren data edo iraungitze-data hurbil duten produktuen salmenta sustatu beharko dutela.
  • Txikizkako salmenta-establezimenduek kontsumo-baldintza onenetan dauden itsusitzat, inperfektutzat edo ez oso estetikotzat jotako produktuak saltzeko lineak sustatu beharko dituzte.
  • Halaber, txikizkako salmenta-establezimenduek sasoikoak, hurbilekoak, ekologikoak eta ingurumenari dagokionez jasangarriak diren elikagaien salmenta sustatu beharko dute, eta horien aprobetxamenduari buruzko informazioa hobetu.

Ministerioen arteko Estrategia-Plana

Elikagaien galera eta xahutzea prebenitzeko eta murrizteko politika planifikatzeko, Gobernuak Estrategia Plana egin beharko du (15. artikulua), honako hauek proposatuta: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa; Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren Ministerioa; Kontsumo Ministerioa; Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioa; Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa; Gizarteratze eta Migrazio Ministerioa, eta Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioa. Plan horrek elikagaiak xahutzearen aurkako estrategia orokorra eta autonomia-erkidegoek esparru horretako jardueretan jarraitu beharreko orientabideak eta egitura zehaztuko ditu. Plana lau urtean behin berrikusi ahalko da.

Toki-erakundeek, beren eskumenen esparruan, elikadura-hondakinak kudeatzeko programak egin ahal izango dituzte, banaka edo taldeka, Estatuko Plan Estrategikoarekin eta autonomia-erkidegoetako programekin bat etorriz eta koordinatuta.

Zehapen-araubidea

Zehapen-araubideak honako hauek ezartzen ditu: 2.000 €arteko 5 arau-hauste arin, 2.001 €-tik 60.001 €-ra bitarteko 3 arau-hauste larri eta 60.001 €-tik 500.000 €-ra bitarteko isunarekin zigortuko den arau-hauste oso larri bat.

Indarrean sartzea

Legebiltzarrak behin betiko onartzen duenean, Legea 2023ko urtarrilaren 2an sartuko da indarrean.

You don't have permission to register