Elikagaien galera eta xahuketa prebenitzeko Legea egin aurreko kontsulta

MAPAren prentsa-oharraren arabera (Elikagai gehiago, xahuketa gutxiago estrategia), honako hauek dira legearen xedeak: ekonomia zirkularra sustatzea; baliabideen kudeaketa efizienteagoa egitea, nekazaritzako soberakinak ekiditeko; elikakateko agenteak sentsibilizatzea eta informatzea;  elikagaien dohaintza ahalbidetzea eta herritar kalteberenen elikagai-beharrak asetzen laguntzea; ekoizpen eta kontsumo iraunkorra sustatzea; elikakateko agenteak elikagaien kudeaketa egokiaren alde sentsibilizatzea, prestatzea eta mugiaraztea, baita elikagaien informazioari dagokionez ere; eta elikagaien xahuketa murrizteko ikerketa eta berrikuntza bultzatzea.

 

Gainera, legeak Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIHak) betetzen direla bermatu nahi du, eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) onetsitako Agenda 2030eko 12.3 GIHaren ildotik doa: “munduan, txikizkako salmentan eta kontsumitzaileen artean alferrik galtzen diren per capita elikagaien kopurua erdira murriztea, eta elikagai‐galerak murriztea ekoizpen‐ eta hornikuntza‐kateetan, uztaren ondorengo galerak barne”.

 

Etorkizuneko legeak eragin ditzakeen subjektu, erakunde eta elkarteek honako hauei buruzko ekarpenak egin ditzakete:

  • Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.
  • Legea onesteko beharra eta aukera.
  • Arauaren xedeak.
  • Arauzkoak eta ez-arauzkoak diren konponbide alternatiboak.

 

Oharrak eta iruzkinak posta elektronikoaren bidez bidali ahalko dira  sgcsa@mapa.es  helbidera, 2021eko ekainaren 21etik uztailaren 5era bitartean (biak barne).