Espainiako industria eta banaketa sektoreetan xahutzen diren elikagaiei buruzko txostena
“Elikagai gehiago, hondakin gutxiago” estrategiaren baitan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Valora Consultores enpresarekin eta AECOCekin batera egindako txostenaren datuak aurkeztu ditu; txosten horren helburua zen elikagaien industriak eta elikagaiak banatzeaz arduratzen diren enpresek xahutzen elikagaiei buruzko datuak aztertzea.
Azterketa horren oinarrian 90 enpresa baino gehiagori egindako inkestak daude eta helburu du informazio eta ezagutza erabilgarriak eskuratzea, elikakateko katebegi horiei nolabaiteko gidaritza eskaintzeko, elikagaien xahuketa prebenitu eta murrizteko estrategiak ezartze aldera.
Azterketaren zailtasun nagusiak
Azterketa hori egiteko zailtasun nagusietako bat izan da enpresek dituzten datuak homogeneizatzea, terminologia eta definizio komunen arabera. Horri dagokionez, azterketak argi erakutsi du enpresen artean ez dagoela inolako batasunik definizioei dagokienez. Hala, produktu baten elementu bera hondar, galera, lerma edo hondakin gisa identifikatzen da, aztertutako enpresaren arabera.
Azterlanean erabilitako jatorrizko definizioak Europako Batzordeak kide diren estatu guztietan elikagaien hondakinak neurtzeko ezarri dituenak badira ere, elkarrizketekin aurrera jarraitu eta beharrezko informazioa eskuratu ahal izateko, beharrezkoa izan zen hemen erabilitako kontzeptu guztiak enpresa bakoitzak erabiltzen zituen kontzeptuekin bateratzea, parte-hartzaile guztiek “patroi” komun baten arabera egin zezaten datuen ekarpena.
Halaber, landa-lanak erakutsi du ekoizpen-kateko katebegiaren arabera, nabarmen aldatzen dela definizioak hautemateko edo interpretatzeko modua. Hala, esaterako, barazkien eta fruten lehen sektorean, uste dute ezin dela hondakinei buruz hitz egin, baizik eta galerei buruz, arlo horretako lanaren berezitasunen eta bertan eragiten duten kanpoko faktore anitzen eraginez.
Enpresen sentsibilizazioa
Enpresetan gero eta kontzientzia handiagoa dago elikagaiak xahutzearen aurka ekiteko beharrari buruz; horren adierazle da inkestari erantzun zioten enpresen % 71k elikagaiak xahutzea ekiditeko plan bat daukala, araudiaren inolako presiorik ez izan arren. Enpresen % 61,1ek barne-praktikak sustatzen ditu eta % 51,39k ekintzak gauzatzen ditu aurreko edo ondorengo katebegietan, elikagai gutxiago xahutze aldera.
Aplikatutako konponbideak
Xahuketa ekiditeko gehien erabili diren praktikak langileen zein hornitzaileen prestakuntza eta kontzientziazioa izan dira, ikastaro, hitzaldi, bisitaldi eta abarren bidez. Horrez gain, prozesuei eta makinei kontrol zorrotzak aplikatzen zaizkie, prozesuan zehar egon litezkeen eraginkortasun-akatsei aurre egiteko.
Xahuketari buruzko datuak
Ekoizten den unitate bakoitzeko, hainbat prozesutan aprobetxa daitezkeen azpiproduktuen 0,0022 unitate eta 0,0004 hondakin-unitate sortzen dira. Zifra horiek adierazten dute kate osoak ahaleginak egiten dituela baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Kasu askotan, etekinik ez ateratzearen arrazoia ideia falta edo “nola aprobetxatu” ez jakitea izaten da (dena den, hori askoz ere agerikoagoa da kontsumitzaileen kasuan enpresen kasuan baino), baita produktua aprobetxatzeak dakartzan kostuak (ez soilik ekonomikoak) ere.