Elikagaien xahuketa etxetik kanpo kontsumitzen ditugunean
“Xahuketa gutxiago, elikagai gehiago” (“Menos desperdicio, más alimento”) estrategiaren esparruan, Espainian etxeetatik kanpo egiten den elikagaien xahuketa kuantifikatzeko eta baloratzeko egin duen ikerketaren emaitzak plazaratu ditu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (ikerketa 2020ko udazken-neguan egin da).
Honako hauek dira ondorio nagusiak:
- 7.000 milioi aldiz baino gehiago kontsumitu da etxetik kanpo; beste era batera esanda, 1.860 milioi kg-litro elikadura-produktu kontsumitu dira, batez ere, elikagaiak (kontsumitutakoaren % 30,5) eta edariak (% 67,5), eta neurri txikiagoan aperitiboak (% 2,1).
- Alabaina, kontsumitutako bolumen hori ez da erabat aprobetxatzen. Hain zuzen, etxetik kanpo kontsumitzen dutenen % 47k elikagaiak xahutzen dituzte, batez ere kontsumitzen duten establezimenduan, bazkalorduan edo afalorduan, eta, gehien-gehienetan, norbaitekin daudenean (senideak, lagunak edo bikotekideak), baina baita, batzuetan, bakarrik egonik ere. Horrek berekin dakar, batez bestean, elikadura-produktuak xahutzen dituen bakoitzak 1,14 kg-l hondakin sortzen dituela. Gauzak horrela, aztertutako epealdian 18,3 milioi kg-l produktu xahutu dira. Beste era batera esanda, xahutze-tasa % 1ekoa da. Hau da, etxetik kanpo kontsumitutako elikadura-produktuen % 1 xahutu egiten da.
- Oro har, xahututako produktuen bolumena eta kontsumitutako produktuen bolumena oso antzekoak dira. Ondorioz, Andaluzian, Madrilgo metropolian eta, batzuetan, Levanten sortzen da hondakin kopururik handiena, hain zuzen, eremu horietan kontsumitzen delako gehien etxetik kanpo. Arau horrekin jarraituta, antzeko jokabideak hauteman dira adinaren arabera ere: gehien kontsumitzen dutenek xahutzen dute gehien, bereziki 35 urtetik gorakoek. Alabaina, 35 eta 49 urte bitartekoak dira xahuketaren gaineko kontzientzia gutxien daukatenak.
- Sortutako hondakin gehienak edari eta elikagaietatik datoz (% 53,1 eta % 45,1, hurrenez hurren), baita, neurri txikiagoan, aperitiboetatik ere (% 1,9). Edarien artean (gehienak hotzak dira) ur botilaratua eta freskagarriak (kolazkoak eta kafeinadunak) xahutzen dira gehien, eta atzetik datoz garagardoak eta ardodun edariak. Elikagaiei dagokienez, barazki eta ortuariek (nagusiki patatak eta letxuga) eta haragiek (oilaskoa eta txahala) elikagaien hondakinen ia erdia hartzen dute. Azkenik, patata frijituak dira etxetik kanpo gehien xahutzen den aperitiboa.