Vitoria-Gasteizko ostalaritzan elikagaien xahuketa murrizteko kanpaina
Vitoria-Gasteizko Udaleko Kirola eta Osasuna Sailaren Osasun Publikoaren Zerbitzuko Osasungarritasun eta Kontsumo Atalak argitara eman ditu hiriko ostalaritza sektorean elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko egindako sentsibilizazio-kanpainaren ebaluazioari buruzko emaitzak.
Azterlana egiteko, ostalaritza sektoreko 114 establezimendu hartu dira aintzat; guztiak II taldekoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun sailburuaren 2002ko martxoaren 15eko Aginduaren sailkapenaren arabera. Horretarako, bi bisitaldi egin ziren.
Lehenengo bisitaldia informazioa ematekoa izan zen, eta “Elikagai xahuketarik ez gida” aurkeztu zen: edukia labur azaldu zen eta elikagaien xahuketa murrizteko jardunbide garrantzitsuenak azpimarratu ziren. Datuak biltzeko fitxa tekniko bat erabili zen.
Bigarren bisitaldian, elikagaien xahuketa murrizteko jardunbide egokien ezarpena ebaluatu zen.
Honako hauek dira azterlanaren ondorio nagusiak:
- Vitoria-Gasteizko ostalaritzaren sektorean sentsibilizazio handia dago elikagaien xahuketa prebenitu eta murrizteari dagokionez. Inkestan parte hartu duten establezimenduen % 91,23k gida aurkezteko interesa erakutsi dute.
- Establezimenduen % 87,68k xahuketaren aurkako prebentzio-neurriren bat dute ezarrita. Eta establezimenduen % 71,24k erabiltzen dute elikagai horiek berreskuratu eta zakarrontzira ez botatzeko neurriren bat.
- Bisitatutako establezimenduen % 60,27k elikagaien segurtasunaren arloko jardunbide egokiak gauzatzen dituzte eta % 38,34k hobetu egin behar dute manipulazio-jardunbideren bat. Elikagaiak jaso, biltegiratu, kontserbatu eta prestatzean elikagaien segurtasunerako jardunbide egokiak izateak lagundu egiten du establezimenduan elikagaien xahuketa murrizten.
- Ikusi da, elikagaien xahuketa murrizteko, hobetu beharreko eremua dagoela honako etapa hauetan: eskaintza-erosketa planifikatzea, jantokian zerbitzu pertsonalizatua eskaintzea eta sortutako hondakinak birziklatzea. Horregatik guztiagatik, honako hauek dira atzemandako hobetzeko neurriak: eskaintza eta erosketa ongi planifikatzea (tokiko produktu gehiago kontsumitzea), bezeroaren premien araberako zerbitzuak eskaintzea (menu erdia, umeentzako menua, ogi‑anoa egokitzea…), bezeroei tuperra eskaintzea, txorrotako ura eskaintzea eta soberakinak baliatzeko errezeta berriak sartzea.
- Oso garrantzitsua da sektorea kontzientziatzen jarraitzea elikagaien xahuketa murriztu eta prebenitzeari dagokionez, eta, horretarako jardunbide egokiak sustatu eta establezimenduek horiek aplika ditzaten pizgarriak eman behar dira.